ULMAk sormena saritu du
ULMA Architectural Solutionsek Nafarroako Arkitektura Eskolarekin batera lehiaketa bat antolatu du fatxada aireztatuetarako panel arkitektonikoen garapenerako.
Nafarroako Unibertsitatean Arkitektura Graduko Ikasketen 2. ikasmailan ari diren 60 bat ikaslek panelen ekoizpen maketa bat asmatu, diseinatu eta egin behar izan dute.
Lehiaketak bi sari eduki zituen: sari bat Eskolako irakasleek eta ULMAko ordezkariek osatutako Batzorde Tekniko batek eman zuen, eta bestea publikoak, zeinak sare sozialen bitartez bozkatu baitzitzakeen saria merezi zuten 5 testura finalista.
“Diseinu, testura eta kolore aldetik fatxada bereziak eta pertsonalizatuak sortzeko aukera ematen dugu ULMAn. Testuinguru horretan ezinbestekoa da sormena bilatzea. Gogoeta egin ondoren, atera dugun ondorioa da sormen hori bilatzeko arkitektura eskolei erreparatu behar diegula besteak beste, eta, hori horrela, lehiaketa hau jarri genuen martxan ULMAren katalogorako testura bat garatzeko asmoarekin. Ikasleek sormen adibide ugari eman digute, oso emaitza onarekin. Aurkeztu diren testura asko oso interesgarriak dira eta, etorkizunean, baliteke testura horiek merkaturatzea eta errealitate bihurtu ahal izatea”, adierazi du Igor Arrietak, ULMA Architectural Solutionseko managerrak.
Andrea Martinez kataluniarrak eta Clarissa Pilar Gonzalez de Leon panamarrak eskuratu dute saria. Lehenengoak Batzorde Teknikoaren saria eskuratu du, eta besteak publikoaren saria, bere testurak publikoaren boto gehien lortu baitu. 1000 euroko beka bat eta 500 euroko beste bat izan dira sariak, eta 2019-2020 ikasturtearen matrikulan emango zaizkie beka horiek.
“Nire testura diseinatzerakoan, zerbait klasiko egin nahi izan nuen, baina aldi berean desberdina izatea nahi nuen eta materialarekin berarekin loturaren eta konexioaren ideia adieraztea”, adierazi du publikoaren saria eskuratu duen Clarissa Pilar Gonzalez de Leonek.